XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Entzun eta erantzun Made in alfer

Anselmo oso langile ona zan.

Berak egiten ebazan Alfer, S.A. lantokiko lan guztiak: ateak ireki, kalderak martxan jarri, postaetxetik gutunak, inpresoak eta paketeak ekarri, abisuak emon, nagusien altak eta bajak emon, makina handi, izugarriek automatikoki egiten ebezan orratzei lupa baten laguntzaz made in Alfer diñoen etiketa mikroskopikoak ipini, inspektoreak etozenean, honelakoetan esan behar izaten ziren guzur txikiak esan eta hileroko soldatak prestatu.

Eta, hala ere, Anselmok eroaten eban lantegi guztiko hileroko soldataren sobrerik txikiena.

Alfer, S.A. lantokian beste honeek ere egiten eben lana: Zuzendari Orokorrak leihotik begiratzen eban ea ehizarako eguraldi ona noiz etorkion jakiteko, Zuzendari Teknikoak egunkari guztietako gurutzegramak betetzen ebazan komunean eserita.

Idazkari Orokorrak gelan zenbat euli ete egoan kontatzen eban eta liburu handi bat idazten eguneroko balantzea.

Idazkari teknikoak, barriz, gosaria, kafea, hamarretakoa, hamaiketakoa, aperitiboa, kafe konpletoa, ogitartekoa eta zerbeza eskatzen eutsozan egunean zehar Anselmori.

Eta ez ziren, ez, alkarren artean ondo konpontzen.

Idazkari Teknikoak Idazkari Orokor izan nahi eban, Idazkari Orokorrak Zuzendari Tekniko izan gura eban, Zuzendari Teknikoak Zuzendari Orokor izan gura eban eta Zuzendari Orokorrak, jakina, ez eban Anselmo izan gura Zuzendari Orokor izaten jarraitu baino.

Baina lantegiko eginbehar guztiak Anselmok betetzen ebazan, alkarren arteko iskanbilak ez ziren garrantzitsuak gertatzen.

Inoiz alkarren artean serio haserretzen zirenean, Anselmok parte hartzen eban eta esaten eutsen: Ez naiz nor zuen arazo larrietan sartzeko baina... lantegia inoiz baino hobeto doa, asko saltzen dogu, irabaziak ez dira batere txarrak eta zuek haserretu ezkero, plaust! dana goitik behera eroriko eta lantegiak porrot egingo leuke.

Ariketak a) Emoiezu erantzuna ondorengo galderoi.

- Zer egiten eban Anselmok? - Asko irabazten eban lan horreek egiteagatik?.

- Zelan konpontzen ziren heuren artean? - Zergatik ez ziran ondo konpontzen?.

- Nork egin behar izaten ebazan bakeak? - Zelango martxa eukan lantegiak?.

Lertxundi, A. (1984): Gizon kabalarenk piurak, Donostia, Erein,13-16. orr. (moldatua).